Bilbo

Bilbo

Kerren Erretegian lan egiten dugun jendeak Bilbo maite dugu; horregatik, harro gaude hiria erakusteaz eta ezagutzeko gonbita egiteaz.

Bilbok bere ibilbidea hasi zuen Erdi Aroan, Diego Lope V.a Harokoak, Bizkaiko Jaunak, bizkaitar hiriburuari Hiribildu titulua eman zionean (XIV. mendea). Kantauri itsasoaren ondoan zuen posizio estrategikoari esker, XV. eta XVI. mendeetan hiria gorantz zihoan arrantza eta merkataritza portu bihurtu zen, Europa Iparraldearekin eta Amerikarekin sortu zituzten ibilbide komertzialei esker.

Zazpikaleak

Ontziolen, biltegien eta industrien ondoan Zazpikaleen ardatzak osatutako jatorrizko bizigune bat garatu zen. Zazpikaleak, Multzo Historiko-Artistiko izendatuak, arkitektura estilo era askotakoak ditu, eraikin errenazentista, barroko, neoklasiko eta modernistekin.

Garai bateko hiri egituraren gunerik jendetsuena Posta Kalea da, Plaza Barria arkupedunaren aldamenean, XIX. mendean eraikia, estilo neoklasikoan.

Handik hurbil, Unamuno Plaza dago. Hantxe, bilbotar idazle eta filosofoari eskainitako soin bat nagusitzen da.

Joan Santuen eliza arkitektura erlijiosoaren eredu ederra da, Zazpikaleen erdi-erdian. Tenplua, estilo errenazentistan eraikia, jesulagunen antzinako ikastetxearen zati zen, gaur egun, Euskal Herriko Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoa.

Santiagoko Katedralak toki nagusia du Bilboko arkitektura erlijiosoaren barruan. XIV. mendearen hondarrean estilo gotikoan eraikia, ganga formako elizpea du nagusi, ohikoa euskal elizetan, baita bere dorrea ere. Klaustroaren kanpoko aldean, merezi du aingeruaren aurrealdea begiestea.

Zazpikaleetan, orobat, hiriburuko beste tenplu eredugarri bat dago, Begoñako Andra Mariaren Basilika. Eraikin hau, hiriko zaindariari eskainia, XVI. mendean eraiki zuten estilo gotikoan eta aurrealde errenazentista ederra du.

Merezi du, orobat, beste eliza batzuk azpimarratzea, besteak beste, san Anton eliza gotikoa, XIV. mendekoa, Mesedetako eliza (XVII. mendea) edo san Nikolasena, XVIII. mendeko eraikin barroko originala, bere bi dorre bikiekin.

Eraikin zibilen artean, besteak beste, Arana jauregia da nagusi, XVI-XVII. mendeetakoa: La Bolsa izenez ezagutzen den eraikina, antzinako Vargas jauregia (XVIII. mendea), eta Udal Liburutegia, estilo modernistan eraikia. Nerbioi ibaiadarraren aurrean, Erriberako merkatua dago, XX. mendearen lehen hamarkadetan eraiki zen hornidura gune ezaguna, eta Arriaga Antzokia, Areatzako Ibiltokiaren inguruan kokatua. Eraikin garrantzitsu honen eraikuntza XIX. mendekoa da eta bere eklektizismoa da nagusi, baita bere barruko gelen bikaintasuna ere.

Zabalgunea

Ibaiadarraren beste aldean, bilbotar Zabalgunea dago. Plaza Biribilak, Diego Lopez Harokoaren irudia nagusi duela, Bilbo berriari ematen dio bidea Kale Nagusian, hiriko arteria nagusian. Kale Nagusian barrena XX. mende hasierako eraikin zibil dotoreak agertzen dira, besteak beste, Santander Estazioa, Bilbotar Sozietateko eta Balioen Burtsako egoitzak edo Aldundiaren Jauregia.

Zabalgunearen gainerako trazatu antolatuan, xarmaz beteriko txokoak aurki ditzakegu, besteak beste, Albiako lorategiak, hemeretzigarren mendeko eraikinez inguratutako pasealeku hostotsu eta lasaia. Haien artean san Bizente eliza dago, XVI. mendean estilo gotiko berantiarrean eraikia, kanpai horma lirain bat buru duen aurrealde errenazentistarekin.

Moyua plaza Zabalgunearen gune neuralgikoa da. Haren inguruan dauden eraikin dotoreen artean nabarmentzen dira Txabarri Jauregia, Gobernu Zibilaren egoitza. Kutsu errenazentista izanik, eraikina gailentzen da koloretako marmolak dituelako.

Kale Nagusia Bihotz Sakratuaren plazan bukatzen da. 30eko hamarkadaren erdialdean, zutabe monumental bat eraiki zuten, brontzezko estatua bat gainean duela.

Kasildaren Parkea bilbotarren aisialdirako toki gogokoena da. Bere pergola, urmael eta iturri zibernetikoarekin, beste erakarpen bat da Bilboko ikustaldi turistikoan.

Parke berean dago Bilboko Arte Ederren Museoa, hiriko arte gune garrantzitsuenetako bat.

Hiri berri bat

Azken urteetan, Bilbok ibaiadarra berreskuratu du bere irudirik modernoena eskaintzeko asmoz. Egindako azken proiektuen artean honako hauek gailentzen dira: Norman Fosterren Metroa, edo Guggenheim Museoa, irudi futurista duen Frank O. Gehry kanadiar arkitekto ospetsuak diseinatutako eraikina eta hiriaren ikur berri bihurtu dena. Museoa Abandoibarra proiektu handinahiaren parte bihurtu da, etorkizunean Negozioen eta Arteen Nazioarteko Zentroa izango dena, Kongresuen eta Musikaren Euskalduna Jauregia bezalako eraikinekin.

Bilboko museoak

Guggenheim Museoko bilduma iraunkorrak azken berrogei urtetako artista adierazgarrienen lanak biltzen ditu, besteak beste, Eduardo Chillida, Yves Klein, Antoni Tápies eta Mark Rothko. Gailentzen dira, orobat, arte gazte eta euskaldunak dituen beste izen batzuk, Cristina Iglesias eta Dario Urzay, kasu. Bildumaren ezaugarri nagusia artista garaikideen lanek ematen dute, besteak beste, Jenny Holzer edo Richard Serraren lanek, eraikinaren gune jakinetarako propio egin direnak. Bilduma partekatua denez gero, modu aldakorrean aurkezten zaio publikoari ­areto finkorik egon gabe-, eta horri esker, museoan egiten den ikustaldia apartekoa izaten da.

Hiriaren kultur eskaintza Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikotik ere pasatzen da, XVII. mendeko jesulagunen antzinako ikastetxean dagoena. Bere funtsei esker, euskal kulturara hurbiltzerik badugu. Sarbideko klaustroan Mikeldiren idoloa dago (kristautasunaren aurreko euskal eskultura). Barrualdean, museo honetako erakusketa iraunkorrak hainbat bilduma ditu. Haien artean gailentzen dira nekazaritza, arrantza edo ehungintzan erabilitako historiaurreko tresnak.

Arte Erreprodukzioen Museoa ahaztu gabe, eskulturaren maisulan handietako batzuen lanak daude bertan, arreta berezia eskatzen du Arte Ederren Museoak. Euskal Herriko pinakoteka garrantzitsu eta osatuena, espainiar eta atzerriko bilduma garrantzitsuak ditu hiru ataletan banatuta: antzinako artea, arte garaikidea eta euskal artea.

Antzinako arteari eskainitako guneak espainiar eta europar margolaritzaren bilakaera erakusten du, Erdi Arotik hasi eta XIX. mendea arte, honako egile hauekin: El Greco, Zurbaran edo Goya. Atal honen barruan Flandesko, Holandako eta Italiako garai hartako ekoizpen piktorikoari eskainitako atal berezia dago; Van Dyck, Brueghel edo Gentileschi dira egileetako batzuk.

Arte garaikideari eskainitako aretoek lan kopuru handia biltzen dute: XX. mendeko hastapeneko abangoardia nagusiak, eta baita gaur egungo arte lanak ere.

Aipamen berezia merezi du euskal arteari buruzko monografikoak, zalantzarik gabe, museoaren erakarpen nagusietako bat. Zuloaga, Iturrino eta beste artista batzuek beren tokia dute Euskal Herriaren artearen bilakaerari eskainitako gunearen barruan.

Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on LinkedInShare on Google+Pin on PinterestPrint this pageEmail this to someone